2012/01/19

Alde bakarreko eztabaida

(BERRIA egunkaritik ateratako albistea)

Abiadura handiko trenaren aurkako jarrera agertu dute NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak AHT Gelditu! Elkarlanak antolatu mahai inguruan; UPN, PPN eta PSN ez dira agertu.
  
Trenaren alde baina Nafarroan dagoen abiadura handiko trenari buruzko proiektuaren kontra dira. Horixe argi utzi zuten atzo Nafarroako Parlamentuko Nafarroa Baiko, Bilduko eta Ezkerrako ordezkariek, AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako mahai inguruan. Galdera zehatza egin zieten gizarte mugimenduko arduradunek politikariei: luxua edo beharra ote den AHTa. Egungo proiektuaren aurka agertu ziren Txentxo Jimenez (NaBai), Koldo Amezketa (Bildu) eta Marisa de Simon (Ezkerra), eta Nafarroako Parlamentuan proiektu horren kontra egiteko konpromisoa hartu zuten. UPNko, PPNko eta PSNko ordezkariek, berriz, ez zuten eztabaidan parte hartu nahi izan.

Iruindarren artean jakin-mina piztu zuen mahai inguruak, ordea. Lepo bete zuten aretoa. Hotel batean egin behar izan zuten, Iruñeko Udalak Caldereriako aretoa erabiltzeko baimena ukatu ziolako AHT Gelditu! Elkarlana taldeari, antolatutako mahai ingurua «politikoa» zelako. 

Politikarien azalpenak entzutera joan ziren herritarren artean «lotsagarritzat» jo zuten hainbatek Nafarroako Gobernuko kideek eta PPNk eztabaidan parte hartzeko deiari ezezkoa eman izana. Antolatzaileek azaldu zuten UPNk hasieratik eman ziela ezezko erantzuna, sozialistek erantzun ere ez dutela egin, eta PPNko kideek joateko aukera aztertuko zutela bertzerik ez zutela erantzun.

Merkantzien garraioa

Alderdi Popularreko inor ez zen agertu atzoko mahai ingurura, azkenean. Parte hartu zuten hiru ordezkariek antzeko iritziak eta argudioak jarri zituzten mahai gainean. Funtsean, trenaren bidezko mugikortasunaren alde direla baina ez dutela ontzat jotzen Nafarroako Gobernuak esku artean duen abiadura handiko trenaren proiektua.

«Inposatutako proiektua» dela erran zuen Txentxo Jimenezek, eta kanpotik eman zaiola duen dimentsioa. Eztabaidarako aukerarik ez dela izan kritikatu zuen. NaBaiko parlamentariaren hitzetan, ordea, eztabaida beharrezkoa da, batez ere, etorkizunerako nahi den eredua zehaztu ahal izateko.

Merkantzien auzia mahai gainean jarri zuen Jimenezek, eta gogoratu zuen abiadura handiko trenak merkantziak garraiatzeko aukera berriki hasi direla aipatzen Nafarroako Gobernuko kideak. Gai horri eutsi zion Bilduko Koldo Amezketak. Haren ustez, funtsezkoa da trenak egun kamioien bidez egiten den garraioa errepideetatik ateratzea, baina argi utzi zuen AHTaren proiektuak ez diola behar horri erantzuten. Nafarroako Gobernuak berak egindako txostenak aipatu zituen: «Horien arabera, 2016rako 76 milioi tona merkantzia pasatuko da Nafarroatik; haietako lau bertzerik ezin izanen ditu eraman AHTak».

Ezkerrako Marisa de Simonek bat egin zuen Jimenezen eta Amezketaren iritziekin, eta AHTa egiteko aurrekontuen inguruko eta eraginen lituzkeen kalteei buruzko argudioak gehitu zizkion eztabaidari. «Dirua alferrik gastatzea ekarriko luke proiektu horrek, eta ingurumenean kalte nabarmenak eraginen lituzke. AHTa ez da errentagarria inongo esparrutan».

Datuak aipatu zituen De Simonek. AHTaren kilometro bakoitza egiteko hemezortzi milioi euro behar direla, adibidez. Bertze hainbat gehitu zituen AHT Gelditu! Elkarlaneko kide Luis Iriartek; besteak beste, 3.200 milioi eurokoa dela Nafarroako proiektuaren aurrekontua. Merkantzien auzia mintzagai izan zuen, halaber, politikariek aipatutakoaren harira. Eta haien iritziaren aurka egin zuen, zalantzan jarri baitzuen trena merkantziak garraiatzeko alternatiba egokia denik. «Enpresa handiek bultzatzen dute merkantzien garraioa, industria merkeagoa den tokietara eramateko. Merkantzien garraioaren sektoreak, gainera, behera egin du 2008tik; ezin da ekonomia pizteko motorra izan».

Herritarrei AHTaren aurkako borrokan jarraitzeko deia egin zien Iriartek. Hilaren 25ean batzarra izanen da Iruñeko Auzoenean, eta apirilerako manifestazio bat prestatzen ari dira, jakinarazi zuenez. 

Parlamentuko ordezkariei ere atzo agertutako jarrera defendatzeko zer urrats egiteko asmoa duten galdegin zieten zuzenean AHT Geldituko kideek. «Nafarroako Gobernua geldiarazten saiatuko gara, behin eta berriz», erran zuen Jimenezek. Parlamentuan proiektuaren aurkako ekimenak bultzatzen jarraitzeko asmoa agertu zuten, halaber, Bilduko eta Ezkerrako ordezkariek. «Hiru taldeon artean, hala ere, hemezortzi boto ditugu; PSNk, UPNk eta PPNk 32 dituzte», aitortu zuen Amezketak.

Krisi garaian dirua AHTaren gisako proiektu batean gastatzeak zentzurik ez duela esan zuen De Simonek. «Bitartean, osasunean edo hezkuntzan murrizketak egiten dira». Karrikan lanean jarraitzeko eskatu zien herritarrei.



No hay comentarios:

Publicar un comentario