2012/07/13

Fracking eta krisi energetikoa

(Guaixe aldizkarian argitaratutako Sustrai Erakuntza-ren iritzi artikulua)

Berriki jakin dugu Frontera Energy SL izeneko enpresa batek Urbasan dagoen sail handi batean gas esplorazioak egiteko baimena eskatu diola gobernuari. Pegaso izeneko eremu horrek Sakana hegoaldearen erdia bere baitan hartzen du.

Gisa honetako esplorazioak laster hasteko daude Araba aldean, Gasteiz inguruan. Egia baldin bada Arabaren azpialdean Patxi Lopezek hain harro iragarri zuen gas kopurua dagoela, azken horren ustiapenak futbol zelai baten tamainako bi edo hiru mila hobi edo ustiapen eremu irekitzea ekarriko luke. Ondorio bezala, baliabide endogenoetan oinarritutako bertako ekonomia deuseztatuko luke eta sortuko lukeen enplegua txikikeria izango litzateke suntsitukoarekin alderatuz. Ingurugiroari dagokionez, lur azpiko uretan sortutako ondorioek ateratako gasak gure bizi kalitatean ekar lezakeen onura ezeztatuko lukete.

Orduan, zergatik hainbeste interes arbel gasa ateratzeko? Orain dela mende bat, hidrokarburoak ateratzen hasi zirenean, inbertituriko barril bakoitzarekin gutxi gorabehera 100 barril ateratzea lortzen zuten. Gizaterian inoiz lorturiko eraginkortasunik handiena izan zen. Gaur egun, ordea, barril bakoitzak 15 barril besterik ez ditu ekoizten bataz beste, petrolioa urrunago, sakonago eta zikinago dagoelako. Petrolioa bukatzen ari da eta haren espekulatzaileek, nahiz eta eraginkorra ez izan, gelditzen den kakan arakatzen ari dira, arbel gasa bezala, zeinen eraginkortasuna edo itzulkin energetikoa batetik hirukoa den.

Gauzak horrela, gaur egungo krisi energetikora iritsi gara. Mundu mailan 2006. urtetik hidrokarburoen ekoizpena geratuta dago, ez da handitzen baina haren eskaera bai ordea.

Sustraien aldetik pentsatzen dugu arazoa ez dela ekoizpenaren eskasia edo eskaintzarena, baizik eta kontsumoaren gehiegikeria, bestelako banaketa, xahutzea eta diruzalekeria espekulatzailea.


No hay comentarios:

Publicar un comentario